XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aspertua nengoen ohearen erdia hutsik sentitzen; nekatua, gau erdian iluntasunari begira, loarekin adiskidetu ezinik, mamuak inguruan, bakardadea hausnartzen; gogaitua, mahaikiderik gabe bazkaltzen; galdua nuen dei eta gutun irrikituen zain egoteko ohitura; ez nuen aspaldian argazkirik poltsikoan erabiltzen; ez nintzen norbaiti loreak bidali edo opariren bat egitearren dendaz denda ibiltzen, ezta inori maiteminez poemarik egiten ere.

Gaixotasun sendakaitz batek arimaren ahuleziak, tristezia sakonak zuen nire bizia menperatua azken aldi hartan.

Minbiziak hezur-muin osasuntsuena bezala, gaitz hark oharkabean ilusioa zidan barnetik suntsitzen, bizitzeko ere oso gogogabetzen.

Orduan, alkohola nuen bizipozaren ordezko, eta liburuetan murgilduta arintzen nuen etsipen garratza.

Nire ortzean hodeitzar beltzak edo zeru gris monotonoak bakarrik ageri ziren egunero, eta ez nuen bizitzaren iturri den eguzkiaren berorik sentitzen aspaldian.

Gizon garaitua nintzen, borroka berrietarako gogo izpirik gabea.

Abentura merke eta laburrez abaildua, (...).